XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zer egin duzu? Agure bizar zuriduna zutik zegoen bere alboan.

- Jakituria jan dut, aitona.

Bata bestearen alboan etzan ziren.

Bi gorputz kateiatuen uhainetako arnas estuen erritmoa besterik ez zen entzuten ispilua ilundu zenean.

- Zuk alderantziz pentsatu arren, jakituriaren betetasuna da birjintasuna....

Ahots bitxiaren oihartzunetan murgildurik hartu nuen loa.

Udaberriko egunsentiko argi izutiaz aseturik zegoen gela esnatu nintzenean.

Atea irekitzen saiatu arren ezinezkoa gertatu zitzaidan.

Ez nuen asko itxaron behar izan.

Zerrailuan giltzaren bira somatu orduko hantxe zegoen Otsoaren laguntzailea.

Oraingo honetan zaldunen parafernaliaz jantzita zegoen, beltza buru gaineko bisera, zuria alkondara estua, beltzak praka bonbatxoak eta gorriak alkondara gaineko jaka nahiz belaunetaraino iristen zitzaizkion larruzko botak.

- Nagusia zai duzu.

Harridurak hartu ninduen lehenengo momentuan.

Jantziz aldaturik zegoen.

Arrano boteretsuaren antzeko mozorro galantak estaltzen zion burua eta tigreen marra hori-beltzezko hornidurak hartzen zion bizkarretatik behera bere gorputz osoa ezkutatzen zuen setazko tunika.

Terziopelo berdezko gortina luzeek betetzen zituzten gelaren lau hormak.

Argitzeko erretzen ziren argizaiezko kandelei intsentsu usaina zerien.

Beste bietan baino dardartiago jalgi ziren nagusiaren hitzak laguntzailearen ahotik.

- Zure sudurra laztandu nahi nuke zure gorputz bilutsa hobeto usaintzeko....

- Nire hirugarren desioaren truke agian egingo nuke hori baina ez nago ziur....

Ispiluaren aurrean aurkitu nintzen. Azkeneko aldiz, espero nuen.